jueves, 8 de diciembre de 2011

Kirolaren alde onak (psikologia).

Kalera irteten bagara eta bertan kirolaren alde onak zeintzuk diren galdetuko bagenitu, denek erantzungo ligukete fisikoki hobeto egoteko ala estetika zaintzeko. Baina horretaz gain, beste zenbait aspektutan ere positiboa da kirola.

Kirola erregularki praktikatzeak, alor psikologikoan eragin positiboa du eta horren bitartez, eguneroko bizitza zoriontasun eta energia handiagoz eramatera laguntzen du, gure autoestimua handitzen baitu eta gustura sentitzen garelako. Horrenbestez, mentalki, ariketa egiteak, trastorno mental batzuengan eragin positiboa izaten du, adibidez, depresioa edo antsietatean.

Emakumeen kasuan bereziki, oso garrantzitsua da ariketa fisiko bat egitea. Honen inguruan ari garenean, ariketa suabe eta erraz baten inguruan ari gara berbaz. Nahikoa da astean hiru ordurekin. Honen bitartez, emakumea gusturago sentituko da bere gorputzarekin eta epe luzera ere efektua onuragarria izango da.



Hortaz, kirola egiteak ez tu fisikoa besterik lantzen, beste aspektu askok ere garapena jasaten dute eta horien artean nabarmentzekoa da psikologikoa. Gainera, horrek beste hainbat azpi-faktore lantzen ditu, hala nola, aurretik aipatutako, sentsazio positiboa, gustura egotea, etab.



Kirolaren alde onak.

Blog-ean zehar hitz egindakoa naiz haurrengan kirolak dituen alde positiboen inguruan, baina guztien gainetik hurrengo hauek goraipatuko nituzke:



- Haurra gizartean sartu, horren bitartez, zenbait arau barneratuko baititu.

    - Lotsa gainditzen ikasiko du eta lasaiagoa bilakatuko da.


   - Talde-lanean aritzen ikasiko du eta ez du beregan bakarrik pentsatuko, arauak, txandak eta iritziak errespetatu beharko baititu.

    - Errespontsabilitatea eta betebeharrak izango ditu.


    - Fisikoki: mugimendu koordinatu gehiago lortuko ditu.


    -  Hainbat aspektutan haziko da.


    - Fisikoki osoagoa izango da.


    -  Higienea eta osasuna zaintzen jakingo du.




Hortaz, bistakoa da, entretenigarria izateaz gain, zenbait balore transmititzeko ere balio duela kirolak haurrengan eta horien bitartez, etorkizunean pertsona zibilizatu eta errespetagarri bat izateko ere balio duela garapen honek.





miércoles, 7 de diciembre de 2011

Lesioen errekuperaketa.


Gaurkoan, lesioak sendatzeko sistema baten inguruan arituko naiz, artroskopiaren teknikaren inguruan hain zuzen ere.

Jasandako lesioaren arabera, kirolari bat egun gutxi batzuk egon ahal da geldi ala hainbat hilabete luze eta gogor.

Gaur egun teknologia ugari daude eta terapia berrien bidez, lesioak askoz lehenago osatzen dira. Metodo ezagun bat, artroskopiarena da.

Artroskopia, endoskopia mota bat da, zeinekin, mindutako artikulazioa barrutik ikus dezakezun. 4,5 mm besterik ez ditu aparatu honek.

Horren bitartez, diagnostiko errazak eman daitezke. Monitore baten bidez, barruko zonaldeak handiturik ikusten dira eta konponketa zailenak ere egin ditzake.

Teknika honek, asko errazten ditu beste teknika batzuk eta artroskopiaren bidez minik ez da jasaten. Gainera, txikia denez, infekzioak izateko arriskua ere urriagoa da, operazioak gutxiago irauten du, eta gaixoak errekuperazio normalago eta arinago bat jasaten du.



Baina artroskopiak ez du tratamenduetan soilik lagundu, irudien aurrerapen teknikoek ere berebiziko garrantzia izan baitute operazioak egiterako orduan.

Hala ere, nahiz eta lesio bakoitza desberdina izan eta bata bestea baino larriagoa den, teknologiaren aurrerapenek mesede handia egin diete kirolariei, orain arinagoa baita errekuperatzea eta askoz ere zehatzagoa.

Horregatik, funtsezkoa da lesioak ondo zaintzea, izan ere, batzuetan lehenago sendatzearren zailtasunak dira eta ondorioz, hasierako baja epea larritu eta luzatzen da.






martes, 6 de diciembre de 2011

Entrenatzailearen garrantzia.

Oraingoan, talde bat zuzentzen duen entrenatzaile batek jarraitu behar dituen zenbait pausuren inguruan hitz egingo dut.

Kirol arloan lanean aritzen den jende heldua (entrenatzaileak, gurasoak, antolatzaileak, epaileak…) elkarlanean aritu behar da lanean gazteek kirola gogoz eta seriotasunez hartu dezaten.

Entrenatzaileen garrantzian zentratuz gero, hurrengo ezaugarriak nabarmendu beharko genituzke:

Jokalariei segurtasuna transmititu: Ingurune seguru bat ezarri. Kontuan hartu ariketen zailtasuna eta berria den zerbait ondo azaldu eta horretarako behar den denbora erabili. Norgehiagokak ekidin eta jokalari bakoitza seguru eta konfiantzaz sentitzen bada bere beldurra desagertzen joango da.

Gauza positiboak topatu eta baloratu: Taldearen parte hartzea sustatuko duen zerbait bilatu. Animatu eta laguntasuna erakutsi uneoro, ez une txarretan bakarrik. Giro positibo bat sortuz eta guztiaren gainetik gogoak erakutsi, jokalariak ere kontagiatu daitezen.



Zaindu jokalariekin duzu komunikazioa: Adi egon jokalariek esaten dutenera eta elkarrizketak eduki eurekin. Batzuetan, ahozko komunikazioa eta ahozkoa ez dena kontrajarriak direnean (esaterako, haserre zaudela ikusten da baina ondo ari dela esaten diozu) efektu negatibo bat sortzen da haurrarengan. Horregatik, kirolarien keinuan kontuan hartu behar dira: euren aurpegia, euren isiltasunak… Entrenatzailearen mezua ondo ulertu dutela jakitea ezinbestekoa da. Gainera, garrantzitsua da nekatuta daudenean informazioa gehiegi ez ematea, izan ere, nekeak atentzioa galtzean eragiten du eta ondorioz azalpenak laburrak izatea komeni da.

Eramango den estiloa ondo aukeratu: eraman behar den norabidea, egoeraren, helburuaren eta jokalari bakoitzaren araberakoa izan behar da.

Hemen jorratu ditut entrenatzaile edo tutore batek talde baten aurrean jarraitu behar dituen pauso batzuk lortu nahi duen giroa edo emaitzak positiboak izan daitezen. 



miércoles, 30 de noviembre de 2011

Atleten dieta.

Jarraian, kirolari batek orokorrean jarraitu behar duen dietaren inguruan arituko gara. Kasu honetan, atletismo mundua sakonduko dut, baina beste kirol askotan ere antzeko pausoak jarraitzen dituzte kirolariek.

Emango ditudan irizpideak, 55 eta 75 kilo inguruko kirolari baten ingurukoak izango dira. Egunean zehar, kirolari batek proteina kopuru bat hartu behar du eta egingo duen ariketa kontuan hartu behar da fruta, berdura, zereal edo jango duenaren kantitatea zein den jakiteko. Garrantzitsua da heziketa fisikoa egiten hasi baino bi edo bi ordu eta erdi lehenago jatea.


Dieta altua izan behar da.

Karbohidrato konplexuak: energiaren %60-ko beharrak, karbohidratodun jakietatik etorri behar dira, gero glukosa bilakatzen baitira eta oso egokia da muskuluek lan egin dezaten. Jaki hauen barruan hurrengo hauek daude; ogia, arroza, pasta, zerealak edo fruta. Lehiaketa baten parte hartu aurretik, karbohidrato kantitatea gehitu daiteke, muskuluak eta gibela glukosaz bete daitezen.

Likidoak: Gorputza ondo hidratatu behar da ariketa egiten ari diren heinean eta baita bukatu ostean ere. Kafeina duten edarien kontsumoa kontrolatu behar da.




Dieta baxua izan behar da.

Grasak: Grasa asko duten jakiak saihestu behar dira. Grasa kopuru txiki bat beharrezkoa da osasun ona izateko, batez ere bitamina liposolubleak irensteko. Grasa ez da energia iturri egoki bat muskuluen lanerako, hortaz, mantekila, margarina, krema edo maionesa moduko jakiak alde batera uztea komenigarria izango litzateke.


Dieta neurtua izan behar da.

Proteinak: erresistentzia probatako atletek, proteinak hartu behar dituzte ariketa egin ostean euren muskuluak berreskura daitezen. Honetarako, proteinak dituzten elikagai gehiago besterik ez dira hartu behar.

Zuntza: atletek orokorrean elikagai gehiago hartu behar dituzte, hortaz, ezinbestekoa da zuntza duten elikagaiak hartzea.





martes, 29 de noviembre de 2011

Elikadura eta nutrizioaren arteko aldea.

Sarrera hau, azkenengoarekin lotuz, oraingoan, elikadura eta nutrizioaren artean dauden lotura eta aldeen inguruan hitz egingo dut.

Elikadura eta nutrizioaren arteko aldeak:

Elikadura, jakiek dituzten elikagaiak organismora eramateko modua da. Kanpoko prozesu bat da, zeinetan pertsonaren nahiak hartzen duen parte eta aldagarria izan daiteke.

Nutrizioa, prozesu bat da, zeinetan organismoak jakietako elikagaiak eraldatu, erabili eta gure gorputzean ezartzen dituen. Barruko prozesu bat da, zeinetan ez duen pertsonaren nahiak parte hartzen eta aldagarria izan daiteke.

Kirola eginez, gure behar energetikoak eta nutrizionalak areagotu egiten dira, entrenamendu edo lehiaketa bat bada ere.

Hortaz, elikadura orekatu eta egoki bat edozein ariketa egiterako orduan ezinbestekoa da kirol errendimendua hobea izan dadin.

Gainera, elikadura egokia, edozein pertsonaren esku dagoen zerbait da, izan ere, norberak egin dezake, aldagarria da eta hezigarria ere bada.







Elikadura kirolean.

Elikadurak kirolean duen berebiziko garrantzia jorratuko dut gaur, horrek dakartzen alde on eta alde txar batzuk aipatuz.

Kirol errendimendua zenbait faktoreren bitartez hobea ala txarragoa izan daiteke; entrenamenduak, motibazioak, genetikak, egoera fisikoak, inguruneak eta baita elikadurak ere eragina dute bertan. Azken honek, garrantzia handia du helburuak lortzerako orduan, izan ere, nahiz eta entrenamendua eta prestaketa onak izan, ez bada elikadura egoki bat eramaten, kirolariaren errendimenduan eragin negatiboak izan ditzake.

Urteak pasa ahala, gero eta kirolari eta pertsona gehiagok hartzen dute kontuan elikadura. Esan behar dago, informazio falta handia dagoela honen inguruan, eta jende asko ausartzen dela elikaduraren inguruko dietak aipatzen ala proposatzen, baina horietako asko ezjakintasunetik abiatzen direla eta hortaz, negatiboa izan daiteke epe luzera.

Kirolari baten elikadura ez da pertsona batenetik asko urruntzen eta orokorrean nahiko orekatua izaten da. Kirolari batek, jakina denez, energia behar izaten du, egiten duen esfortzua handiagoa delako eta horretarako, bitamina eta mineralez osatutako janaria edo edaria hartzea izaten da egokiena.



Ezaguna da, kirolari bat esfortzu fisiko bat egitera doanean komenigarria dela energia duen jakiak jatea; hala nola, pasta (makarroiak, espagetiak, lasaina…), oilaskoa… Horretaz gain, edari energetikoak ere ezinbestekoak dira, esfortzua egiten ari zarenean gorputzeko defentsak modu egokian mantentzen dituztelako.

Hortaz, ariketa fisiko bat egiten ari garenean, likidoa hartzea oso garrantzitsua da, erabiltzen ari garen muskuluek ehuneko-ehunean jarrai dezaten eta gorputza deshidratatu ez dadin. Gainera, ariketa hori amaitzean, erre duguna errekuperatzeko ere hidratazioa ezinbestekoa da, bestela, esfortzuaren ondorioz, mareoak edo antzekoak jasateko arriskua baitago.









lunes, 28 de noviembre de 2011

Kirola.


Denbora asko daramat kirolaren inguruan hizketan, eta horrek hezkuntza eta haurrekin duen erlazioan, baina zein da kirol kontzeptua zehatz-mehatz?

Kirola, ariketa fisiko bat da, non, arau batzuk bete behar diren espazio edo leku zehatz batean. Askotan, konpetitibitareakin erlazionatzen da. Gehienetan, instituzionalizatua egoten da, hau da, federatua eta lehiaketak banakakoak ala taldekoak izaten dira.




Kirola hitza normalean, parte hartzaileek esfortzu fisiko bat egitearekin lotzen da (birikak erabili beharra…) eta esfortzu horren bidez, parte hartu duten jardueran lortzen dituzte emaitzak (galdu ala irabazi). Baina batzuetan, fisikoak ez diren beste ezaugarri batzuk ere hartzen dira kontuan, esaterako, buruko zorroztasuna.

Kirola gainera, jarduera entretenigarria da, bai parte-hartzailearentzat zein ikuslearentzat ere.


Bestalde, kirolak berebiziko garrantzia du gizartean. Hezkuntzaren alorrean, kirolak baloreak transmititzen dizkie bai haurrei, bai gazteei eta baita nagusiei ere. Balore horien artean, nabarmentzekoak dira, errespetua, konpromisoa edo errespontsabilitatea beste batzuen artean, eta guzti horiek, sozializazio prozesua errazten dute. Izan ere, kirolak, pertsona desberdinen arteko laguntasuna bultzatzen du eta horren bidez, errespetua lortzen da haurren artean, eta ondorioz, lehiakortasun garbia sustatzen da. Kirolak duen beste balore garrantzitsu bat, nola irabaztea da eta galtzen denean ondo barneratzea ere.
  

Kirola praktikatzeak osasunean eragin handia eta positiboa du, bizi kalitateak gora egiten duelako nabarmen. Osasun fisikoaz gain, osasun emozionalerako ere garrantzitsua da, kirola egiten duten pertsonak zoriontsuago eta pozago egoten direla esaten baita.

Kirola, fenomeno izugarria da mundu osoan zehar. Osasuntsua edo entretenigarria izateaz gain, gizartea lotzen duen zerbait ere bada. Askotan gertatu da, talde batek txapelketa bat edo antzeko zerbait irabazi eta horretarako herri guztia mobilizatuta ikustea, izan ere, kirola (batez ere, futbola, saskibaloia, errugbia…) pasio bat da.



Bukatzeko, kirola, biolentzia eta delinkuentzia bezalako ekintzak desagerrarazteko jardueratzat hartzen da.




Ohiko lesioak kirolean.


Gaurkoan, kiroletan gertatzen diren lesio batzuk jorratuko ditugu:

Orokorrean, kirol jarduera bateko ohiko lesioak, bai alor profesionalean eta baita afizionatuetan ere, orkatilak bihurritzearenak dira eta horren ostetik, belauna bihurritzearenak.


Futbola, saskibaloia, errugbia edo eskubaloia bezalako kiroletan gertatzen dira gehienetan lesioak, normalean kontusioek eraginda.


Bat-batean gertatzen diren lesio hauek, berehalako atentzioa behar dute, hortaz, erabaki garrantzitsuak hartu behar dira, eta horiek, eragin handia izan dezakete kirolariaren errekuperaketan ( lesionatutako zonaldea nola immobilizatu, pertsona modu egoki batean eraman erietxera…).  


Kirolei dagokienean, lesio garrantzitsuenak belaunetan gertatzen dira. Txirrindularitzan belaunetako arazoak ugariak dira (%21) baina erorikoen ondorioz oso ohikoa den beste lesio bat klabikula haustearena ere bada. Futbolean edo eskubaloia bestalde, belaunek asko sufritzen dute. Meniskoa, tendoi rotulianoa eta antzeko arazo asko entzun dira betidanik.


Berezitasun bezala, boleibolean, ezaguna den belauneko lesio bat hurrengo hau da, “saltatzailearen lesioa”. Tendoi rotulianoan izaten den tendinopatia bat da, sakeak egiterakoan zonalde horretan gertatzen den gainkarga baten ondorioz.


Saskibaloian, normalean, beheko zonaldean izaten dira lesioak, hau da, orkatiletan eta errugbian ere antzeko zerbait gertatzen da, nahiz eta, kirol horretan dauden kolpeen bidez, kontusio asko izaten diren bai beso ala beste zonalde batzuetan ere.












lunes, 21 de noviembre de 2011

Euskal dantzak lehen hezkuntzan.

Adin hauetan, haurrek, eskola edo ikastolara joatez gain, eskolaz kanpoko jardueraren baten ere hartzen dute parte sarritan. Horren arrazoietako bat; beste haur batzuekin solasean aritzea, ondo pasatzea edo gurasoek, euren seme-alabek "hobby" bat topatzeko nahia izaten da.

Jarduera horietako bat, euskal dantzak dira. Haur asko, dantza talde baten aritzen dira, baina bestela ere, euskal dantzak, eskolan praktikatzen diren jarduerak dira, bai musika ala psikomotrizitate saioetan.

Dantza hauen bitartez, haurrek euskal kulturaren inguruan euren ezagutzak garatu ditzakete eta baita gure herria osatzen duten lurralde bakoitzaren inguruan ere, bertako ohiturak zein diren ikasiz. Izan ere, lurralde bakoitzean modu desberdinean dantzatzen da edo beste jantzi batzuk erabiltzen dira eta horrek egiten du benetan polita saio hau.

Gainera, Euskal Herrian zehar dantza jaialdiak egiten dira, eta txoko guztietako taldeak batzen dira euren dantza, jantzi eta ohiturak erakutsiz.

Bestalde, haurrei dagokienean, eta euskal kultura hobeto ezagutzeaz aparte, antolatu daitekeen edozein koreografia bezala, oso positiboa da euren koordinazioa lantzeko. Izan ere, zenbait pausu ikasi behar dituzte eta musika jarraituz, une egokia zein den jakin behar dute.

Hortaz, saio entretenigarri bat pasatzeaz gain, aberasgarria ere bada euren heziketarako, honek ere gorputzeko hainbat faktoretan baitu eragina.

Jarraian, gorputz heziketako saio batean irakasleak horrelako dantzak nola lantzen dituen ikusiko dugu:









Bideo gainetik jorratuz, ikusi dezakegu nola irakasleak lehenbizi luzaketa ariketak egiten dituen, ondoren, dantza bakoitzaren aurretik musika barik lantzen duen eta azkenik musika jarri eta osorik egiten duten dantza.








miércoles, 16 de noviembre de 2011

Luzaketak.

Blogean zehar, hitz egin dut noizbait luzaketen inguruan eta kirolean duten garrantzian. Gaurkoan, sakonago aztertuko dut gai hau eta luzaketak egiteko zenbait adibide proposatuko ditut.

Noiz luzatu behar dugu?

Luzaketak egiteko unerik egokiena, muskuluak, artikulazioak eta tendoiak dagoeneko berotuta daudenean da, hortaz, ez da osasungarria kirol edo ariketa bat luzaketa batekin astea, mugimendu txiki eta suabeak ez badira. Egokiagoa da beste modu bateko beroketa batekin hasi (lasterketa suabea, gehiegi mugitu behar ez garen jokoren bat…) eta ondoren luzatu. Saioa bukatzerako orduan ere, oso garrantzitsua da gorputza luzatzea.

Nola luzatu behar dugu?

Alde batera utziko ditugu efektu negatiboa izan dezaketen luzaketa guztiak, hau da, errebotea eragin dezaketenak.
Sistema seguru eta errazena, luzaketa astiro-astiro egitearena da, tentsio egokia lortzen den unerarte ( luzaketa egokia nabaritzen duzun lekua baina minik ez duzula jasaten. Leku horretan 10-20 segundo mantentzea gomendatzen da. Mina sentitu ezkero, lesionatzeko aukera dago, muskulu edo ligamentuetan mikro-roturak  eraginez.

Jarraian, bost luzaketa ezberdin modu egokian nola egiten diren aztertuko ditut:

1.   Etzanda buruz gora jarriz, hanka bat flexionatu, beste hanka hartu eta bularrerantz astiro eramanaz, bertan 20 segundo mantendu. Ondoren, hankaz aldatu. Luzaketa honek bizkarrean du eragina.



2.   Enborra zuzen jarri, hanka bat tolestu bestearengan gurutzatuz eta gorputza, tolestutako hankaren aldera eraman. Ukondoa belaunaren alde batean kokatu eta indarra egin hanka zure bularrerantz eramanaz. Honekin, gluteoak eta abduktoreak lantzen ari gara.



3.   Belaunak tolestu, hankak lurrean jarririk, zure hanketako punta bat hartu eta bernarantz eraman indarrez, bikietan luzaketa nabaritu arte. Hankaz aldatzea ezinbestekoa da. Mota honetako luzaketak garrantzitsuak dira korrikalari eta txirrindularientzat.



4.   Lurrean eseri behar zara eta hanka bat luzatu aurrerantz bestea tolestuta utziz. Ondoren, enborra aurrerantz eraman behar duzu. Honen bitartez, “iskiotibialak” luzatzen dira.



5.   Eskuak kokotean jarri eta burua beherantz eta gorantz mugitu apurka-apurka. Lepoko muskuluak luzatzen egongo zara.








martes, 15 de noviembre de 2011

Edukien garrantzia Lehen Hezkuntzako maila bakoitzean

Gaurkoan, Lehen Hezkuntzako maila bakoitzean, heziketa fisikoaren arloan zer nabarmentzen den edo zerk duen garrantzia handien erakusten dizuet. Horretarako, maila bakoitzeko sailkapena dakart, zeinekin, argi eta garbi ikusten den, une bakoitzean zer proposatu eta landu nahi den.


1. maila.

Oreka, erlaxazio eta arnasketa ariketekin jarraitzen da. Ikasle bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanda, bakoitzaren erreakzioa, erritmoa eta orientazioa estimulatu nahi izaten dira. Ariketek eta jokoek, haurren ezaugarri fisikoak garatzeko balio izango dute eta baita euren arteko jarrera soziala garatzeko ere, jokabide motorrean oinarriturik.

2. maila.

Ezaugarri fisiko koordinatuak lantzen dira, orekaren inguruan atentzio berezia jarriz. Egoerak estimulatu egiten dira joko eta praktika teknikoen bitartez. Garrantzia ematen zaion beste aspektu batzuk, elikadura, atsedena edo ingurunea zaintzea dira, haurrak horren inguruan kontzientziatu daitezen. Bukatzeko, jokoa da jarrerak eta baloreak garatzeko faktore nagusia.

3. maila.

Joko antolatu, kirol aurreko eta fundamentu teknikoek, ariketa fisikoen estimulazioan lagunduko dute, oreka, erritmoa eta orientazioa kontuan hartuz, zeinen bitartez, dantza herrikoiak lantzen diren. Balore kultural eta heziketa fisiko praktika egokietan garapen nabaria ikusten da.

4. maila.

Maila honetatik aurrera, ikasleak, bere garapen motorrean probetxuzkoagoa izateko aukera du, eta horren bitartez, ezaugarri fisiko bakoitza modu berezi batean barneratzeko aukera izango du. Arnasketa, erlaxazio eta posturak berebiziko garrantzia dute.

Helburuak lortzen doaz kirol praktikarekin, zeinek jarrera eta baloreen adierazpena laguntzen duen. Bestalde, higienearen inguruko informazioa, elikadura, atsedena eta ingurunea zaintzea euren praktikarekin batera garatzen dira.

5. maila.

Taldekako ariketek ikaslearengan duten interesa kontuan hartuta, garrantzia ematen zaio kirol aurreko ariketari. Horrekin, fundamentu teknikoak eta koordinazio fisikoaren inguruko ezaugarriak garatu nahi dira. Arnasketa sistema lantzen da eta horretarako, erresistentzia lasterketak, abiadura eta flexibotasunak garrantzia handia izaten dute.

6. maila

Jarrera posturalak oso kontuan hartzen dira eta ezaugarri fisikoak areagotzen dira. Fundamentu teknikoen kalitatea eta kantitatea ere garatzen dira kirolezko praktikaren bidez. Joko eta kiroletan ematen diren egoerak, jarrera eta baloreak finkatzeko hartuko dira kontuan eta baita haur bakoitzaren egoera fisiko egokiena lortzeko ere.







jueves, 10 de noviembre de 2011

Elkarrizketa. Lander Morales.




Gaurkoan, elkarrizketa batekin natorkizue. Protagonista, Lander Morales dugu, Baskonia Futbol Eskolako entrenatzailea. 8-9 urteko haurrekin ari da lanean eta elkarrizketarekin lortu nahi izan duguna, nola moldatzen den jakitea izan da, eta batez ere, haurrekin zein helburu duen eta txikiek zelako garapena duten ikustea.

  1.      Nolako jarrera erakusten dute haurrek?
 Haurrak, egun osoan zehar eskolan edo ikastolan egon ostean, aske egongo balira bezala sentitzen dira. Honen ondorioz, entrenamendura nahiko mugikor eta bihurri etortzen dira.


2. Adin horietan, motibazioa garrantzitsua dela uste duzu? Zergatik?

Motibazioa elementurik garrantzitsuenetarikoa dela pentsatzen dut, izan ere, umeak motibatzen ez badituzu, jolasteko gogorik ez dute izango eta ez dute atentzioa gugan jarriko. Beraz, haurrak motibatzea eta animatzea oso inportantea da, zalantzarik gabe.

3. Zer egiten duzu motibatuta sentitu daitezen?
Motibatuta egon daitezen eta guztiek nik agindutakoa bete dezaten, proposatutako ariketaren ostean zerbait egongo dela esaten diet, gehienetan positiboa izango dena, baina beste zenbaitetan lehiakortasuna sustatzeko norgehiagokak antolatzen ditut.
Gauza positibo moduan esaterako, partidua jolastu baino lehen esaten diet ondo jolastu eta duten guztia emanez gero, partidu ostean gozokiak emango dizkiedala.
Gauza negatiboari dagokionean adibidez, entrenamenduetan bi talde egiten ditut. Bi talde hauei, joko edo ariketa bat proposatzen diet eta galtzen duen taldeak abdominalak edo zelaiari birak eman behar dizkio. Modu honetan guztiak topera esfortzatuko dira.

4. Entrenatzerako orduan, gorputz mugimenduarekin lotutako zer motatako ariketak proposatzen dituzu?

Orokorrean gorputzaren atal guztiak. Hasteko, ezinbestekoak diren berotze ariketak agintzen diet. Hemen, orkatilak, belaunak, aldaka, besoak eta lepoa lantzen dute batez ere. Honen ostean, egunaren arabera eta landu nahi denaren arabera, hainbat ariketa ezberdinen bidez, gorputzaren atal batzuk landuko dituzte ( besoen koordinazioa, hanken koordinazioa…).

5. Egiten dituzun ariketa horiek kontuan hartuta, garapenen bat ikusi al duzu egiten hasi zarenetik?
Emaitzak pixkanaka - pixkanaka ikusten ari naiz. Adibidez, hasieran, gainean egon behar zinen aspektu askotan, adibidez, oraintxe aipatu ditudan berotze ariketak ez zekizkiten bakarrik egiten. Orain ordea, badakite zein orden jarraitu eta nola landu atal bakoitza. Hala ere, argi dagoena da, oraindik asko falta zaiela ikasteko, 8-9 urte besterik ez baitituzte.

6. Nolakoa da haurren jarrera ariketa horien aurrean?

Batzuk aspertu egiten dira eta beste batzuk ordea, ez. Ariketak, motelak badira arreta galdu egiten dute, horregatik saiatzen naiz ariketa dinamikoak antolatzen,gelditzeko denborarik ez badute, jarrera aktiboa erakusten baitute.

7. Azkenik, zein da zure helburu nagusia ariketa horiekin?

Nire helburu nagusia, batez ere, haurrak ondo pasatzea eta ahal duten guztia ikastea da. Txikia zarenean garrantzitsuena hori dela pentsatzen dudalako eta emaitzak alde batera utzi behar direlako, etorkizunean izango baitute denbora lehiatzeko.








martes, 8 de noviembre de 2011

Haurrengan kirolak izan ditzakeen arriskuak

Kirola beti hartu izan da jarduera hezigarri moduan, baina beti al da hezitzailea haurtzaroan?

Argi eduki behar dugun lehenbiziko gauza, helburura beti ez garela iritsiko da, hau da, haur guztientzat ez duela eragin positibo berbera edukiko. Hortaz, jarduerak antolatzerako orduan, zenbait helburu eta ikuspegik baldintzatuko dituzte horiekin lortu nahi diren ondorioak.

Alde batetik, kirolean beti nabarmendu den zerbait lehiakortasuna izan da. Aurkaria gailentzea eta zenbait kasutan goitik behera menperatzea plazer handi moduan dago sailkatua, baina argi dagoena da horrelako norgehiagokek ez dutela inolako faktore hezitzailerik.

Lehiarako gogo honek, frustrazioa, atsekabea eta antzeko zenbait ezaugarri negatibo eragin ditzake eta horiek, eguneroko bizitzarako beste faktore batzuekin lotu daitezke, frustrazioa edo beste arazo larriagoak eraginez.

Beste alde batetik, askotan ez dira helburu egokiak ezartzen pertsona bakoitzarentzat. Lehenik eta behin jakin behar duguna, pertsona bakoitzak bere bertute eta gabeziak dauzkagula eta horrenbestez, bakoitzaren eremutik haratago dauden helburuak jartzea ere kaltegarria izan daitekeela gure moralerako. Hortaz, norberaren garapenerako eta hobekuntzarako positiboak izango diren helburuak jartzea da komenigarriena, hau da, pertsona presionatu barik.
Gai honekin jarraituz, haurrei lagundu behar zaie euren ametsak egokitzen. Izan ere, gaur egun telebista eta antzeko medioen bitartez, oso erraza izaten da gaztetxoenek bere burua “izar” batekin konparatzea. Hala ere, ez dakite euren amets berbera duten beste milaka haur ere badaudela eta gutxi batzuk dutela goraino iristeko ohore hori. Hortaz, kontu handiz eraman behar ditugu haurrak alor horretan.

Bestalde, adin hauetan haurrek garrantzia handia ematen diote euren trebetasun fisikoei, hau da; nor den hobea, nor jaurtitzen duen baloia indartsuago eta abar. Horregatik, beti saiatzen dira euren ehuneko ehuna ematen baina askotan kanpotik gehiegizko presioa jasaten dute, bai entrenatzaileen aldetik, bai gurasoen aldetik edo baita heziketa fisikoko irakaslearen aldetik ere. Beraz, duten guztia ematen badute eta jasotako agindua betetzeko gai ez badira, zalantza, egonezina edo urduritasuna sortu diezaieke, horiek dakartzaten ondorio kaltegarriak kontuan hartuz.

Hortaz aparte eta azkenaldian kirolean eztabaida gai izan dugun gai bat jorratuz, aipatu behar dut pisu edo fama handiko kirol elkarteak gero eta arinago datozela kirolen baten gaitasun berezia duten haurren bila. Gaztetxo horien garapenean negatiboa izan daiteke faktore hori, izan ere, gaitasun handia duten haur horiek bildu ezkero ez dute inolako zailtasunik izango besteen haurrean gailentzeko eta galtzaile horiek, maite duten kirola praktikatzeko motibazioa galtzeko arriskua izango dute jipoi nabarmenak jaso ezkero. Hortaz, positiboagoa litzateke prozesu hori nagusiagotan lantzea adin goiztiar hauetan baino.

Hortaz, argi dago kirola faktore hezitzailetzat jo daitekeela, baina argi eduki behar dugu prozesu zurrun eta konplexu bat ere badela. Beraz, ondo antolatu eta zaindu behar ditugu landu eta garatu nahi ditugun faktore guztiak eta etorkizunean negatiboak izan daitezkeen ondorioak ezabatu.








miércoles, 2 de noviembre de 2011

Motibazioaren garrantzia haurrengan

Motibazioa, haur baten garapenerako funtsezko ezaugarri bat dela azpimarratu behar dugu. Prozesu hori ondo joan dadin, faktore askok dute eragina, baina batez ere, gurasoek:


Honenbestez, gurasoen garrantzia izugarria da euren seme-alaben garapenean. Haurrak hazten doazen heinean, motibatzeko kapazitatea izan behar dute eta horretarako zenbait baliabide erabili ditzakete: etxeko lanak batera egin ( oheak, gelak garbitu...), ondo eginiko ekintzen aurreran zoriondu, elkarri laguntza eman...


Guzti hori egiteko, argi dagoena da, gurasoak izan behar direla adibide nagusia, horrenbestez, ekintza horiek egiterako orduan eurak izan behar dira lehenbizikoak, ondoren seme-alabek egin dezaten. 


Esan bezala, gurasoek sariak edo laudorioak eskeini ahal dizkiete haurrei, horien bitartez askoz ere motibatuago sentituko baitira. Hala ere, hazten doazen neurrian, sari horiek "erregulatzea" komeni da, horrela haurrek bere burua bakarrik motibatzea lortuko dute (automotibazioa).


Gainera, guztiok dugu gustuko hitz goxoak eta gauza politak entzutea baina adin hauetan oraindik garrantzitsuagoak izan daitezke animo horiek, izan ere, motibatuta ez egoteak ondorio kaltegarriak ekarri baititzake umeen garapenean; hala nola, etxerako lanak ez egitea, nota kaxkarrak edukitzea, jarrera desegokiak izatea...


Hortaz eta bukatzeko, motibatzeko metodoak ondo ezagutu ala erabiltzeak faktore positibo bat dira, bai haurrentzako eta baita gurasoentzako ere, bien arteko konexioa positiboagoa izango baita eta etorkizunean lortu behar diren emaitzetarako funtsezkoak bilakatuko baitira.