martes, 8 de noviembre de 2011

Haurrengan kirolak izan ditzakeen arriskuak

Kirola beti hartu izan da jarduera hezigarri moduan, baina beti al da hezitzailea haurtzaroan?

Argi eduki behar dugun lehenbiziko gauza, helburura beti ez garela iritsiko da, hau da, haur guztientzat ez duela eragin positibo berbera edukiko. Hortaz, jarduerak antolatzerako orduan, zenbait helburu eta ikuspegik baldintzatuko dituzte horiekin lortu nahi diren ondorioak.

Alde batetik, kirolean beti nabarmendu den zerbait lehiakortasuna izan da. Aurkaria gailentzea eta zenbait kasutan goitik behera menperatzea plazer handi moduan dago sailkatua, baina argi dagoena da horrelako norgehiagokek ez dutela inolako faktore hezitzailerik.

Lehiarako gogo honek, frustrazioa, atsekabea eta antzeko zenbait ezaugarri negatibo eragin ditzake eta horiek, eguneroko bizitzarako beste faktore batzuekin lotu daitezke, frustrazioa edo beste arazo larriagoak eraginez.

Beste alde batetik, askotan ez dira helburu egokiak ezartzen pertsona bakoitzarentzat. Lehenik eta behin jakin behar duguna, pertsona bakoitzak bere bertute eta gabeziak dauzkagula eta horrenbestez, bakoitzaren eremutik haratago dauden helburuak jartzea ere kaltegarria izan daitekeela gure moralerako. Hortaz, norberaren garapenerako eta hobekuntzarako positiboak izango diren helburuak jartzea da komenigarriena, hau da, pertsona presionatu barik.
Gai honekin jarraituz, haurrei lagundu behar zaie euren ametsak egokitzen. Izan ere, gaur egun telebista eta antzeko medioen bitartez, oso erraza izaten da gaztetxoenek bere burua “izar” batekin konparatzea. Hala ere, ez dakite euren amets berbera duten beste milaka haur ere badaudela eta gutxi batzuk dutela goraino iristeko ohore hori. Hortaz, kontu handiz eraman behar ditugu haurrak alor horretan.

Bestalde, adin hauetan haurrek garrantzia handia ematen diote euren trebetasun fisikoei, hau da; nor den hobea, nor jaurtitzen duen baloia indartsuago eta abar. Horregatik, beti saiatzen dira euren ehuneko ehuna ematen baina askotan kanpotik gehiegizko presioa jasaten dute, bai entrenatzaileen aldetik, bai gurasoen aldetik edo baita heziketa fisikoko irakaslearen aldetik ere. Beraz, duten guztia ematen badute eta jasotako agindua betetzeko gai ez badira, zalantza, egonezina edo urduritasuna sortu diezaieke, horiek dakartzaten ondorio kaltegarriak kontuan hartuz.

Hortaz aparte eta azkenaldian kirolean eztabaida gai izan dugun gai bat jorratuz, aipatu behar dut pisu edo fama handiko kirol elkarteak gero eta arinago datozela kirolen baten gaitasun berezia duten haurren bila. Gaztetxo horien garapenean negatiboa izan daiteke faktore hori, izan ere, gaitasun handia duten haur horiek bildu ezkero ez dute inolako zailtasunik izango besteen haurrean gailentzeko eta galtzaile horiek, maite duten kirola praktikatzeko motibazioa galtzeko arriskua izango dute jipoi nabarmenak jaso ezkero. Hortaz, positiboagoa litzateke prozesu hori nagusiagotan lantzea adin goiztiar hauetan baino.

Hortaz, argi dago kirola faktore hezitzailetzat jo daitekeela, baina argi eduki behar dugu prozesu zurrun eta konplexu bat ere badela. Beraz, ondo antolatu eta zaindu behar ditugu landu eta garatu nahi ditugun faktore guztiak eta etorkizunean negatiboak izan daitezkeen ondorioak ezabatu.








No hay comentarios:

Publicar un comentario