
Gaurkoan, elkarrizketa batekin natorkizue. Protagonista, Lander Morales dugu, Baskonia Futbol Eskolako entrenatzailea. 8-9 urteko haurrekin ari da lanean eta elkarrizketarekin lortu nahi izan duguna, nola moldatzen den jakitea izan da, eta batez ere, haurrekin zein helburu duen eta txikiek zelako garapena duten ikustea.
1. Nolako jarrera erakusten dute haurrek?
Haurrak, egun osoan zehar eskolan edo ikastolan egon ostean, aske egongo balira bezala sentitzen dira. Honen ondorioz, entrenamendura nahiko mugikor eta bihurri etortzen dira.
2. Adin horietan, motibazioa garrantzitsua dela uste duzu? Zergatik?
Motibazioa elementurik garrantzitsuenetarikoa dela pentsatzen dut, izan ere, umeak motibatzen ez badituzu, jolasteko gogorik ez dute izango eta ez dute atentzioa gugan jarriko. Beraz, haurrak motibatzea eta animatzea oso inportantea da, zalantzarik gabe.
3. Zer egiten duzu motibatuta sentitu daitezen?
Motibatuta egon daitezen eta guztiek nik agindutakoa bete dezaten, proposatutako ariketaren ostean zerbait egongo dela esaten diet, gehienetan positiboa izango dena, baina beste zenbaitetan lehiakortasuna sustatzeko norgehiagokak antolatzen ditut.
Gauza positibo moduan esaterako, partidua jolastu baino lehen esaten diet ondo jolastu eta duten guztia emanez gero, partidu ostean gozokiak emango dizkiedala.
Gauza negatiboari dagokionean adibidez, entrenamenduetan bi talde egiten ditut. Bi talde hauei, joko edo ariketa bat proposatzen diet eta galtzen duen taldeak abdominalak edo zelaiari birak eman behar dizkio. Modu honetan guztiak topera esfortzatuko dira.
4. Entrenatzerako orduan, gorputz mugimenduarekin lotutako zer motatako ariketak proposatzen dituzu?
Orokorrean gorputzaren atal guztiak. Hasteko, ezinbestekoak diren berotze ariketak agintzen diet. Hemen, orkatilak, belaunak, aldaka, besoak eta lepoa lantzen dute batez ere. Honen ostean, egunaren arabera eta landu nahi denaren arabera, hainbat ariketa ezberdinen bidez, gorputzaren atal batzuk landuko dituzte ( besoen koordinazioa, hanken koordinazioa…).
5. Egiten dituzun ariketa horiek kontuan hartuta, garapenen bat ikusi al duzu egiten hasi zarenetik?
Emaitzak pixkanaka - pixkanaka ikusten ari naiz. Adibidez, hasieran, gainean egon behar zinen aspektu askotan, adibidez, oraintxe aipatu ditudan berotze ariketak ez zekizkiten bakarrik egiten. Orain ordea, badakite zein orden jarraitu eta nola landu atal bakoitza. Hala ere, argi dagoena da, oraindik asko falta zaiela ikasteko, 8-9 urte besterik ez baitituzte.
6. Nolakoa da haurren jarrera ariketa horien aurrean?
Batzuk aspertu egiten dira eta beste batzuk ordea, ez. Ariketak, motelak badira arreta galdu egiten dute, horregatik saiatzen naiz ariketa dinamikoak antolatzen,gelditzeko denborarik ez badute, jarrera aktiboa erakusten baitute.
7. Azkenik, zein da zure helburu nagusia ariketa horiekin?
Nire helburu nagusia, batez ere, haurrak ondo pasatzea eta ahal duten guztia ikastea da. Txikia zarenean garrantzitsuena hori dela pentsatzen dudalako eta emaitzak alde batera utzi behar direlako, etorkizunean izango baitute denbora lehiatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario